Abiatu da korrika Karrantzan
Hasi da aurtengo Korrika Karrantzan, eta hurrengo hamar egunetan ez du atsedenik hartuko, apirilaren 1ean Iruñera heltzen den arte.
Karlos Santesteban idazle karrantzarrak hartu du lekukoa bere ama Lourdesen eskutik, eta azken metroetan Eider alabari eman dio.
17:30etan eman ditu lehenengo urratsak aurtengo Korrikak, eta Enkarterritik abiatuta, Araba alderako bidea hartuko du. Hala, Laudio eta Amurrio inguruan izango da gauerdian.
17:00etarako ehunka lagun zeuden Karrantzako plazan. Aurrena Korrika Karrantzan hasi dela oroimenean gera dadin plaka bat ezarri dute udal ordezkariek kioskoan. Dantzarien aurreskuarekin amaitu da plaka erakusteko ekitaldi hori.
Arestian esan bezala, aurreneko aldia da Korrika Karrantzatik igarotzen dela, eta, horrenbestez, Enkarterriko herri horrekin aspalditik duten zorra kitatu nahi dutela agertu dute egunotan Korrikaren antolatzaileek. Ondorioz, giro bereziz bizi dituzte Karrantza inguruan egun hauek.
Ikastetxean jai giroa sumatu zitekeen atzo. Korrika sekula ez da handik pasa eta, horregatik, ikasle gehienentzat lehenengo Korrika izango dela ohartarazi zuen irakasle batek.
Goizeko 10:30etatik aurrera, herri kirolak, dantzaldia, bertsolariak eta Txan magoaren ikuskizuna izango dute, gaur Karrantzan arratsaldeko ekitaldia egin aurretik.

Zabaldu
del.icio.us
kaixo oso ondo ari zarete
kaixo | 2007-03-23 - 10:51:26 GMT 1 #