17 ibilgailuko istripua
Pertsona bat hil da eta lau larri zauritu dira 17 ibilgailuk elkar jo ostean, Durruman
Hildako bat eta 19 zauritu eragin zituen atzo, maiatzak 24, goizeko zazpietan N-1 errepidean, Durruma parean (Araba), gertatutako auto istripu anitzak. 17 ibilgailuk elkar jo zutela. Irunera bidean (Gipuzkoa) zihoan autobus batek su hartu zuen eta bide bazterrean geratu zen, errepidearen zati bat hartuz. Atzetik zihoan kamioi batek, sua ikustean, galgatu egin zuen. Eta honen ondoren kamioiaren atzetik zihoazen ibilgailuek elkar jo zuten.
Istripuaren ondorioz furgoneta bateko gidaria hil zen eta beste 19 pertsona zauritu ziren. Horietatik lau Gasteizko Santiago ospitalera eta besteak Txagorritxura joan ziren. Bi oso larri eta beste bi larri zeuden ospitalera sartzean.
Gasteiztik Iruñera zihoan Burundesa lineako autobusak matxura izan zuen Durruma parean. Felix Perez de Heredia autobus gidariak adierazi zuenez, Aguraingo geltokitik irten eta «N-1ra sartu bezain laster», autobusak matxura bat izan zuen. «Motorretik ke ugari irteten zen eta su hartu zuen azkenean. Nirekin zihoazen zortzi bidaiariak arazorik gabe atera ziren, baina autobusa errepideko eskuineko bidearen zati bat oztopatuz geratu ginen, sutan». Gidariak, bestalde, behe lainoz inguraturik zeudela esan zuen eta gelditu ostean kolpeak entzun zituztela.

Zabaldu
del.icio.us